Murgiltze Sistema
Haurrak biziki goizik dira hizkuntza ulertzeko gai. Gela barruko zein inguruko jardueretan euskaraz ikastea eta komunikatzea da murgiltze sistema goiztiarraren ezaugarri nagusia. Ipar Euskal Herrian, Seaskak besterik ez du murgiltze sistema eskaintzen.
Pedagogia
Ikasteko molde ezberdinetan oinarritzen da. Pedagogia aktiboa eta kooperatzailea: ekintzak (fisikoa, intelektuala) ematen dio haurrari ulertzeko, sortzaile izateko, egokitzeko eta aldatzeko ahalmena, beti ere besteekin elkarrekintzan eta kooperazioan. Proiektuen bidez, sentsuari lehentasuna ematen zaio. Gure berezitasunak: Bizi-jolas zein Bertsularitza proiektuak, Seaskatik bideratuak. Eta kooperazio kontseiluak eta filosofia debateak ikastolako talde pedagogikoak bultzatuak.
Elebitasun orekatua
Bi hizkuntzetan trebatzeko xedez, bi irakasle daude bigarren urtetik (CE1) goiti, hizkuntza bakoitzeko bana: bat euskararako eta bestea frantseserako. Egitaraua zehazterakoan orekari begiratzen zaio, lan zama meta ez dadin. Bigarren maila bukatzerako (kolegioko azken urtean), ikasleek bi hizkuntzak menperatzen dituzte.
Bizi Jolas
Gorputz heziketa bermatzeko eta elkarbizitza hobetzeko euskarazko egitasmo bat da, haurraren garapen osoa sustatzen duena (gorputza, adimen emozionala, eta adimen intelektuala), etnomotrizitatearen ikuspegitik abiatuta eta ludikotasuna ardatz hartuta; jolas libre eta bideratuen bidez, ikasleen autoestimua, motibazioa, sormena eta gaitasun motoreak lantzen dira, ohikoak ez diren harremanak eta material berriak ezagutuz eta espazioen erabilera eta osasuna euskaraz uztartuz; proiektua Seaskako ikastolekin lankidetzan garatzen da, 3. zikloko ikasleei zuzendua eta BIZI-JOLAS taldeko kideen interbentzioekin.
Elkar Bizitza
Ikasleen arteko elkarbizitza hobetzeko egitasmoa da, adimen emozionala, kooperazioa eta pentsamendu kritikoa landuz; Ama ikastolan (3-5 urte) haur literaturaren eta eguneroko dinamikaren bidez, Lehen mailetan (6-7 urte) kooperazio kontseiluen, Filosofia txokoen (beste arloetan pausatzen ez dituzten galdera unibertsalak pausatzeko espazioa) eta KiVa programaren bidez garatzen da, azken hau eskola jazarpenaren kontrako finlandiar egitasmo pedagogikoa izanik.
Jantokian, haurrak aktore
2019an abiarazitako egitasmo pedagogikoa da, Gaztelu Zahar ikastolan (7-11 urte), non bazkalordua eta ondorengo denbora heziketarako une garrantzitsu bihurtzen diren; autonomia lantzeko adin nahasketa eta arduren banaketa egiten dira, eta helburu nagusiak dira jantokia gune hezitzaile gisa identifikatzea, bertako lanpostuen balioa azpimarratzea eta elikadura burujabetza sustatzea.
Zubiak eraikiz
Ikastoletako ikasleen arteko harremanak sendotzea eta talde dinamiken mugarriak zabaltzea helburu duen egitasmoa da, Orereta eta Gure Ikastolaren ekimenez sortua eta egun bost ikastolek parte hartzen dutena; udaberrian elkar ezagutzeko topaketa bat eta udazkenean “Lore Jokoak” jardunaldiak antolatzen dira, poesia, musika, antzerkia, plastika eta kirolak ardatz hartuta.

